HEIZE eta EHIGEk etorkizuneko Euskal Eskola Publikoaren eztabaida-prozesua aurkeztu dugu.

Eusko Jaurlaritzak eta partidu politikoek Euskal Hezkuntza Lege berri bat egiteko asmoa azaldu duten legegintzaldi honetan, zilegitasun osoa duen adostasun politikoak aldi bereko adostasun soziala beharrezkoa duela uste dugu. Horretarako, EHIGE eta HEIZE elkarteok eztabaida prozesu bat abiatzeko konpromisoa aurkezten dugu eta datozen hilabeteetan abian jarriko dugu.

Heize eta Ehige elkarteak urteak daramatzagu elkarlanean euskal hezkuntza sistemarako proposamenak egiten, horien artean “Euskal Herrirako Curriculuma” (2009) eta “Euskal Eskola Publikoa haratago” (2010). Ezagutzatik hitz egiten dugu: ikastetxe publikoetako eguneroko dinamiken esperientziatik, euskal hezkuntza sistemari buruzko ebaluazioen hausnarketatik, ikerketa zientifiko eta egin diren politiken jarraipen estuetatik.

OINARRIEN DOKUMENTUA ETA EZTABAIDA PROZESUA

Oinarrien dokumentua deituriko txostena izango da prozesuaren zutabea eta eztabaida sustatzea du helburu, ekarpenak eta balorazioak jasoaz. Bi zati ditu:

Lehenengo zatian euskal hezkuntza sistemaren diagnostikoa egiten du zortzi ataletan:
• Euskal gizartea gaur.
• Hezkuntza-sistemaren errendimendua.
• Eskolaratzea.
• Euskalduntzea.
• Kuasi-merkatu hezkuntza-sistema.
• Publikoaren esanahia. Hezkuntza-zerbitzu publikoa. Finantzazio pribatua.
• Hezkuntza Ituna.
• Euskal hezkuntza-sistemaren erreforma.

Bigarren atalean Euskal Eskola Publikoaren plan estrategikoa egiteko proposamena jasotzen da. Martxoaren bukaeratik aurrera hitzaldiak egingo ditugu, herri mailan zein ikastetxeetan. Oinarrien dokumentua aurkezteaz gain, eztabaidarako aukera izango da.

Prozesuari amaiera emateko, proposamen berri bat argitaratuko dugu, Euskal Hezkuntza Legean eragina izatea helburu izango duena. Dokumentu hau Euskal Eskola Publikoaren ahalduntze prozesutik eta berezkoa duen ezagutzatik sortuko da eta hemen gauden bi eragileok dugun prestutasunetik ikusmira kritikoa eta eraikitzailea egiteko.

Compare items
  • Total (0)
Compare
0